ESZENA

“Ali Baba” Errenterian, eta “Konpota” Baigorrin

Borobil teatrok Ali Baba eta 40 Lapurrak lana eszenaratuko du gaztetxoentzat, Errenteria hiria Kulturgunean, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 18:00etan. Beste aldetik, egun berean baina Baigorriko Plaza Xoko gelan, Dxusturi Teatroak Konpota izeneko lana egingo du, 20:30ean.

Ali Baba, Persiako herri batean bizi den egur biltzaile txiroa da. Egurra biltzen basoan dabilen batean, zarata izugarri batek beldurtuko du. Zuhaitz baten adarren artean ezkutatu eta 40 lapur ikusiko ditu mendian dagoen harkaitz erraldoi baten aurrean gelditzen. Lapurren buruzagiak ireki zaitez sesamo esatearekin bat, kobazuloa ireki egingo da. 40 lapurrek ostutako urre zakuak kobazulo barruan utzi eta alde egindakoan, Ali Babak, harkaitzaren aurrean jarri eta buruzagiaren hitzak errepikatuko ditu: Ireki zaitez sesamo. Eta kobazuloa ireki egingo da. Barrura sartu eta aho zabalik geratuko da egur biltzailea. Urrezko txanponez betetako ehunka zaku daude kobazuloan. Ali Babak ez dio ordea aberastasunaren distirari burua nahasten utziko. Zuhurtziaz jokatu eta zaku gutxi batzuk hartzea erabakiko du. Lapurrek ez dezaten atzeman norbaitek kobazuloko sekretua jakin duela. Etxera iritsi eta zoriontsu bizitzeko moduan izango dira emaztea eta bera hortik aurrera.

Baina Ali Babaren anaiak, Kassimek, sekretua jakingo du. Kassim harrapatu egingo dute 40 lapurrek. Eta hortik aurrera, kobazuloko sekretua jakin duena atzematen saiatuko dira. Ali Babak, bere emazte eta lagunekin lapurren atzaparretatik ihes egitea izango du helburu. Lortuko al du?

Beste aldetik, Konpota izeneko obrak P.Gaulier-en testuan du oinarria eta Antton Lukuk itzuli du. Durangoko Azokan egin zen estreinaldia eta taldea pozik gelditu zen Dxusturi Teatro-ren lehen sorkuntzak harrera ona izan baitzuen publikoarengandik.

Pablo Ibarluzea izan da lanaren zuzendaria eta Eneritz Artetxe aktorea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button