ESZENA

ADEL jardunaldietako azken bi emanaldiak

Aulesti euskal antzerkiaren topagune bihurtu da aste honetan, apirilaren 10etik 15era, eta egunotan, makina bat antzezlan ikusteko aukera eskaini da. Gaur eta bihar, azken emanaldiekin gozatu ahalko da.

Herriko oholtzatik honako taldeak eta lanak pasatu dira: ATX Teatroaren Balbea pieza; Kulunka Teatroren André eta Dorine; Itziar Maneroren Memoria; eta Oier Zuñigaren Eresia.
Diogun moduan azken egunotan dira jardunaldiak, eta hilaren 14an Zeozertan dabil baina ez dakit zertan egingo du Metrokoadroka taldeak, eta 15ean, Artedrama eta Axut! konpainien eskutik, Hondamendia obrak itxiko ditu jardunaldiak.

Marina Suarezek eta Oier Guillanek zuzenduriko Zeozertan dabil baina ez dakit zertan familia eredu ez ohikoei buruzko sitcom poetikoa da. Oholtza gainean Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran izango dira. Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: “Gu familia bat gara?”. Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana. Helburua honako hau da: jendeak gertukoa sentituko duen antzezlan bat egitea, edonork bere egin dezakeen gai batean oinarritua, era berean estetika aldetik esperimentatuz eta arriskuak hartuz.

Larunbatean, Hondamendia obra ikusteko aukera egongo da. Harkaitz Canok izkiriaturiko piezak Zaldibarko zabortegiaren kasua, pandemia, komunikabideak eta gizartea biltzen eta nahasten ditu. Izan ere, azken urteotan euskal gizartea kolpatu duten bi auzi potolo azaltzen dira, batetik Koronabirusaren pandemia, eta bestetik Zaldibarko zabortegiko gertakaria. Eta bi auzi horiekin batera, komunikabideen papera aztertzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button