LITERATURA

Etxepare sariak “Orkestra zooragarria” albuma saritu du

Gotzone Butron eta Aitziber Rayak irabazi dute aurtengo Etxepare saria Orkestra zooragarria albumarekin. Lan horrek 5.000 euro jasoko ditu.

“Album hau erakargarria da begiekin gozatzeko, baina baita belarriekin entzuteko ere. Alde batetik, bikain eta neurritsu kontatuta dagoen istorio dibertigarria dakarkigu: ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena –ederra da gizakiak eta piztiak harremanetan jartzea, biak mundu paraleloetan egokitu beharrean–. Eta, beste alde batetik, musika klasikorako gonbita eskaintzen digu, ausardiaz eskaini ere: argumentuaren haria partitura bat dugu oraingoan, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobelan egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz, eta entzunez goza dezagun. Gozatu: agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutelako: gozamena. (…) Irudiak oso onak dira, testuarekin guztiz bat datoz erabiltzen diren plano, tamaina eta kokapen desberdinak lana borobiltzen dutelako. Ipuinaren bukaeran, gainera, QR batzuk daude istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu ahal izateko. Horrek irakurlea guztiz murgiltzen du eta gauza berriak ezagutzeko leiho bat irekitzen dio”.

Jasotako lan guztiak aztertzeko epaimahaia Aitziber Akerreta (ilustratzailea), Idoia Sobrino (liburuzaina) eta Patxi Zubizarretak (idazlea) osatu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button