LITERATURA

Literatura Eskolaren hurrengo hitzordua

Otsailaren 18an izango da Literatura Eskolaren hurrengo hitzordua Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean. Hor Idurre Alonso egongo da Literatura komunikazio-eremu gisa eskolan gaia jorratzeko prest.

Gaur egungo literatur ikerketek literaturaz baino areago, literatur sistemez dihardute. Hain zuzen ere, literatura ez delako testura mugatzen; literatura bere osotasunean ulertzeko, ezinbestekoa da testua idazten denetik irakurlearenganaino iritsi arte (baita gero ere) zein ibilbide daukan ulertzea. Izan ere, testuak izango duen irisgarritasunean nahiz harreran erabakigarriak izan ohi dira idazlearen sonaren, merkatuaren, instituzioen, egoera soziopolitiko eta ekonomikoaren… eraginak.
Hitzaldi honen fokua instituzioetan jarriko da, zehatzago, eskola-eremuan.  Era berean, literaturaren komunikazioaz ari garenean, ezin dugu alde batera utzi literatur lanek mundua interpretatzeko modu bat eskaintzen diotela irakurleari. Hori dela eta, garrantzitsua da jakitea eskoletan zein lan irakurrarazten diren, eta horiei buruzko hausnarketak eta eztabaidak zabaltzea.

Laburbilduz, literaturaren irakaskuntza zertan den ulertzeko, ezagutu behar dugu batetik, euskal literatur sistemak eskolan duen isla, eta bestetik, eskolan lantzen diren literatur lanak zeintzuk diren.

Literaturarekin jarraituz, gaur, Larrabetzuko literaturaz berbetan irakurleon biltokian Asel Luzarraga egongo da Gezurra odoletan liburuaz mintzatzeko. Gaur ere, Bermeon, Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak ipuin liburuaz ariko dira 18:30ean, Bermeoko liburutegian. Eta bihar, Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobelaz ariko dira 19:30ean, Eako Zakili elkartean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button