
Eako Poesia Egunak utzitako lekukoa hartu du Oiartzungo Poesia Egunak ekimenak, eta horrexegatik, naturarekin erabat konektatutako egitaraua antolatzen da, auzolanean eta hainbat elkarteren arteko lankidetzan. 1545 argitaletxea, Hitzen Lihoa, Metrokoadroka kolektiboak dira ekimenaren sustatzaileak.
Aurten, Etxea gai hartuta gauzatzen ari da ibilbide poetikoa irailaren 11ra bitartean. “Etxea ez da ezer, baina etxea dena da. Etxea hotzetik babesteko sortu zen, zure ondasun apurrak gordetzeko bide, maite duzun jendearekin elkar zaintzeko espazioa. Baina etxea, horrexegatik beragatik, izan daiteke guztiz kontrakoa ere: ihesbide zaileko presondegia, atea zabalik duen kaiola, tratu txarrak jasaten dituenarentzat. Etxeak babesa ematen dizun teilatupea behar luke, mundu honetan lasai lo egin daitekeenaren promesa; azkenaldian, Palestinan bezala munduko beste hainbat lekutan, ordea, kontrakoa ere ikusi dugu.(…) Poesia Egunak saretuta antolatzen ditugun kolektiboek eta pertsonek ere etxe bat izan gura genuke, halakorik behar duenarentzat; aurreko edizioetako herritarren parte hartze handia ere etxe bat izan da denontzat, Oiartzungo eta inguruetako kulturzaleentzat.”
Aurreko asteburuko hitzorduez gain, aste honetan, 19:00etan, Poeta bat zure sukaldean izeneko saioak egingo dira hau da, errezitaldiak herritarren etxeetan antolatu dira, eta hortik pasatuko dira Harkaitz Cano, Itziar Ugarte eta Jose Luis Otamendi.
Ostegunean, irailak 11, Haur eta gazteen poesia emanaldia antolatu da Iturriozko Dorretxean, 19:00etan.