MUSIKA

Etxe kantariak eta Liher taldeak lan berriak plazaratu dituzte

Etxeren disko berria, Bizi, eta Liher laukotearen estreinako lana, Hauts, jaso ditugu Promomusika bulegoaren eskutik.

Liher rock banda donostiarrak bederatzi kantu bildu ditu Hauts lan autoekoitzian; aurretik, 2015ean, Arrazoi gutxi, denbora asko zazpi kantuko maketa argitaratu zuen.

Taldekideen artean, Naizroxa, Anai-arrebak edo Emon taldeetako musikariak daude; halere, guztien gainetik, Lide Hernandoren ahots indartsu eta melodikoa nagusitzen da, bai eta gitarra soinu gogorrak ere, baina ñabardurez josiak. Promomusikaren arabera, Dan Auerbach, Jon Fruasciante edo Omar Rodriguez-Lopez gitarra-jotzaileen riffetatik edaten du taldeak. Hortaz, batzuetan gogor agertzen da taldea, rock klasikoan bustita, baina beste batzuetan, berriz, gozo, tarte akustiko, epiko eta espazialak zabalduz.

Irailaren 30ean, Donostiako Doka Antzokian aurkeztuko dute diskoa. Urrian, halaber, hainbat kontzertu egingo dituzte: 1ean, Zumaiako Gaztetxean; 2an, Lekunberriko Kantinan; 5ean, Ondarruko Arrigorrin; 7an, Laudioko Orbeko Etxean; 8an, Oñatiko gaztetxean; 9an, Ziburuko Maitenian; eta, azkenik, 15ean, Mutrikuko Gaztetxean.

Etxe, bizi-bizi

Etxe (Iñaki Etxezarraga) musikari bizkaitarrak, aldiz, bosgarren diskoa kaleratu du, Bizi. Etxezarragak doinu biluziak jaso ditu diskoan, bere bizipenetan oinarritutakoak, eta une hunkigarriak biltzen ditu. Promomusikak zabaldu duenez, diskoak momentu epikoak ere gordetzen ditu, bai eta omenaldiren bat ere, tartean, Seiurte taldearen Bi mila hitz abestiaren moldaketa.

Bizi diskoa Berrizen aurkeztuko du Etxek urriaren 1ean. Halaber, 6an, Bilboko Kafe Antzokian izango da; 20an, Donostiako Dokan; 28an, Amurrion; azaroaren 4an, Durangon; eta 11n, Tolosan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button