MUSIKA

Ken Zazpik Kursaalen emango dio amaiera “Phoenicoperus” birari

Gaur berton, azaroak 30, 20:00etan eta 57 kontzertu eskaini ostean, Ken Zazpik Kursaalen emango dio amaiera Phoenicoperus birari.

“Gure inguruan jazotzen diren krisialdiek, pertsonalak zein gizartearenak izan, izua sortzen diguten arren, garaiak itxi eta, adore berrituaz, aro berriak zabaltzeko balio izaten dutela diote. Bizitza, musika bezala, etengabeko birjaiotzea da”.

Phoenicoperus fenix hegaztiaren izendapen grekoa da, eta hegal gorrixkak da hitzaren esanahia; luma gorriak agertzen dira, hain zuzen, Ramon Zabalegik egin zuen azalean. Hala, bere errautsetatik birsortu da, banda gernikarra fenix hegaztiaren antzera, eta birsortze prozesu horren emaitza  izan zen lan berria.
2013an argitaratutako Ken zazpi & Euskadiko Orkestra Sinfonikoa lanaren ostean, taldeak erabateko krisia pairatu zuen, baina krisi hori balio positibotzat hartu, eta bizkaitarrek taldea eraldatzen jakin zuten. Hala, taldearen diskurtso musikala aldatu egin da heriotzaren eta bizitzaren inguruan ardazten zen lan berrian. “Gizartean ere aldaketa azkarrak eta sakonak gertatzen ari dira, eta guk ere gauza bera egin dugu”, azaldu zuen abeslariak.

Eraldaketa horren katalizatzailea eta gidaria Ricky Falkner ekoizlea izan zen. Lan horren guztiaren emaitza disko homogeneoagoa bat izan zen. Hitzen harira, heriotzaz eta bizitzaz hitz egiten dute, eta oraingoan luma berriak gehitu dira Ken Zazpiren unibertsora: Harkaitz Cano, Lander Garro, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus, Sarrionandia ahaztu gabe.

“Hunkitzen gaituzten kanta zabalak aurkezten dizkigu Ken Zazpi-ren lan berriak, taldeak emozioak eta intentsitateak orekatzeko ohi duen abileziaz moldatuta, abestiok gure barnean behin eta berriro piztu daitezen ekoiztuta. Diskoak, bidaia batean eramango bagintu bezala, pasarte eta momentu ezberdinez harritzen eta asaldatzen gaitu, soinu anitzak, erritmo hiptonizatzaileak eta kolore aberatsen xehetasunak erakutsiz, guztiz zaporetsu eta erakargarria suertatzen den lan borobil bat osoturik”.

Bira amaierako kontzertu honetan, Ken Zazpik bere azken laneko abestiak nahiz bere abesti ezagunenak eskainiko ditu. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button