ESZENA

Etengabe hil eta berpiztu egiten den emakumea

Kamikaz Kolektiboa konpainiak proposamen surrealista eta musikala eramango du gaur Bilbora. BBK Salako oholtzaren gainean, Erika Olaizolak, Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Xanti Agirrezabalak antzeztuko dute Renata euskarazko obra.

Zertan da pieza hori? “Renata hil eta berpiztu egiten da etengabe. 115 aldiz, aste honetan. Izan ere, 116, oraintxe bertan loreontzi bat erori baitzaio buru gainera”. Heriotza abiapuntutzat hartuta, antzezlanak gogoeta hau du hizpide: nola bizi garen gaur egun, paradoxikoki hilda dagoen edo, behintzat, bizitzen ez omen dakien gizarte batean? Proposamena zentzugabea bada ere, Renata piezak hain sotila ez den galdera bat ezkutatzen du: berriro bizirik egotea dohaina ala madarikazioa al da? Antzezlanak kontraste joko bat sortuko du heriotzaren eta bizitzaren artean, errealitatearen eta alegiazko munduaren artean, kolektibitatearen eta bakardadearen artean”.

Kamikaz Kolektiboa konpainia 2014an sortu zen, Miren Gaztañaga, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañagaren ekimenetik, sorkuntza eszenikoarekiko eta generoari buruzko gogoetarekiko interesak bultzatuta. Harrezkeroztik, hainbat antzezlan eta ikus-entzunezko pieza sortu dituzte elkarrekin. Eta Iraia Eliasek eta Xanti Agirrezabalak, konpainiaren proiektu batzuetan kolaboratu ondoren, haren jardunbide artistikoarekin bat egin dute azken urteotan. Konpainiak sari ugari lortu ditu, hala nola Donostia Antzerki Saria eta Azpeitiko Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button