ESZENA

“Zu ere on Kixote?” obra, gaur Zarautzen

Gaur, irailak 5, osteguna, Zarautzeko Modelo aretoan Zu ere on Kixote? obra arrakastatsua taularatuko du Agerre Teatrok. Euskal Herriko hainbat herritan egina dute obra hau, publikoaren eta laguntzaile askoren partaidetza bikainarekin.

Miguel de Cervantesen klasikoan oinarritutako lana da, baina modu berezian, nolazpait. Kixoteren aitzakiarekin Euskal Herriko historiaren errepaso egiten dute aktoreek.

Agerre Teatrok proposatzen digun lana honetan datza, hain zuzen: Hiru komediante etortzen dira istorio bat kontatzera, baina txirrindulari ero bat antzokian sartzen da Kixoteri buruzko bere istorioa kontatu nahian.
Komedianteek, Kixote aitzakia hartuta, gure Euskal Herriko Kixoteei buruz hitz egingo dute: S. Mitxelena, Lizardi, Iztueta, edo herriko pertsonaia xelebreez, Kapitan Pellot, Bomba eta Kiriko… horiek ere Kixote aipagarriak baitira.
Eta era berean, maitasunaz, amets eroez, porrotaz, pasioaz… ere mintzatuko dira. Azkenean, txirrindulariarekin batera, herriko jendeak ere parte hartuko du, bai dantza bat egiten, edo abesten, edo musika jotzen, istorioaren hainbat eta hainbat pasadizotan, publikoa eta beste guztiak komediante bihurtuta.

Gau egingo den saioan parte-hartze handia egongo da: Imuntzo eta Beloki, Mantxi bertsolaria, Montetxio abesbatza, Udaberri abesbatza, Alproja taldea, Uhera eta Jalgi dantza taldeak, Mikel Erguin eta Iosune Irureta dantzariak, Marisa Merino dantza-eskola, Aratz Olaizola, Erlantz Allur eta Nahiko Larri trikitilariak, Goizeko Ihintza txistulari taldea eta herriko beste zenbait laguntzaile.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button