
Erronda kalean dagoen Biba lokalak Estankona musikari bizkaitarraren saio akustikoarekin zabalduko du martxoko egitarau kulturala, ostiralean, 20:30etik aurrera. Bibaren arabera, “Estankonaren musikak adar asko ikutzen ditu baina rock eta poparen gertutasuna mantentzen dute bere abestiek”.
Estankonak Ardatza izenburuko lana argitaratu zuen 2015ean, bizkaitarraren hirugarrena, 2010ean bakarkako ibilbidea hasi zuenetik. Disko hori aurrekoak baino konplexuagoa da, bai sonoritate aldetik, bai kantuen egituren aldetik. Hala, diskoan post-rock giroak nagusitzen diren arren, Mediterraneo itsasoak bustitako lurraldeetako musiken oihartzunak ere antzeman daitezke.
Bibako programazioaren harira, hauexek dira martxoko gainerako hitzordu interesgarri batzuk: 9an, Puro Luego taldea; 15ean, Saioz Saio komikiaren aurkezpena; 16an, Itziarren Semeak taldearen EH Errepublik disko berriaren prentsaurrekoa; 18an, Kamankola kantari kubatarraren kontzertua, eta 23an, mahai-ingurua: Kultura politikak eta oinarrizko kultura: Adostasun baten bila?.
“Bertso Erronda!”
Azkenik, martxoan, Erronda Kaleko zenbait lokaletan, bertso-saioak egingo dira, Bertso Erronda! ekimenaren baitan: 7an, Adaxkan; 14an, La Villan; eta, amaitzeko, 21ean, Biban. Finala, halaber, 7katu gaztetxean egingo da martxoaren 30ean.