MUSIKA

Estankonak Euskararen Etxean joko du gaur

Estankona musikariak Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean joko du, gaur, ekainak 26, 19:30ean; arratiarrak iragan azaroan aurkeztutako Fruitua (Baga Biga) bigarren laneko kantuak aurkeztuko ditu. Lan horretan askotariko hamaika rock kantu “koloretsu eta bizizale” bildu ditu kantariak.

2011n plazaratutako estreinako diskoa baino alaiagoa da bigarrena. “Aurrekoak garai ilun baten amaiera ekarri zuen, argia sartzen saiatu nintzen arren, zentzu horretan abesti hauek bitalistagoak dira, eta horrek erakusten du musikak sendotzen duela”, azaldu du gitarra jotzaile eta abeslariak.

Musikari dagokionez, bizkaitarra askeago aritu da lan honetan, eta “borobiltasunaren” ideia bilatu du. Halere, borobiltasun hori aniztasunaren bidetik aurkitu du. Bada, espero ez zuen estiloren bat ere jorratu du, tartean, ska pasarteren bat: “Ez dut estilo hori entzuten, baina akorde batzuk nituen, eta ska erritmoak ondo egokitzen ziren, beraz, sartu nituen”. Atrebentzia horrek umorea ere badakarkiola kantuari esan du. “Umorea tresna inteligentea da, eta mantentzen saiatuko naiz”.

Hain zuzen, Zorteduna donuan entzun daitezke ska erritmo dantzagarri horiek, eta Arrosa bat ahoan kantuak berriz, bals kutsua dauka. Diskoak dakarren estilo aniztasuna, baina, Aitortzea azken kantuan islatzen da nabarmenen: behin eta berriro errepikatzen den hamar minutuko pieza da. “Inoiz ereserkiren bat egin badut, hori da nire himnoa, emozio sakoneko kantua den aldetik, maitasuna eta askatasuna ditu ardatz”. Oro har, rock kantu jantziagoak dira, gitarra konponketak tarteko. Hitzen haria, batzuetan surrealistak dira, eta beste batzuetan, aldiz, narratiboagoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button