MUSIKA

EZEZEZ taldearen otsaileko kontzertuak

EZEZEZ taldearen sorrera hauxe izan da: 2021. urtean Unai Madariagak bakarlari lez aurkeztu zuen The living and dying of a man diskoa, eta sekulako sona hartu zuen. Aurten, bilbotarraren doinu akustiko eta gordinei laukote (Eneko Ajangiz gitarra, teklatuak eta bestelako soinudun makinak, Alvaro Olaetxea bateria eta Mikel Irigoyen baxua musikariekin batera) bezala eman diote jarraipena proiektuari, EZEZEZ izenpean.
Formatu akustikotik aldendu eta gitarra distortsionatuagoak sartu dituzte. Beren azken lana When I Think Something Is Funny I Smile izeneko diskoa da, hainbat plataformatan entzungai duzuena, eta sekulako harrera izan duena.

Garai musikal berri honetan, argitsuago, umoretsuago eta ironikoago datoz musikari bizkaitarrak. Lana ateratzea ez da kontu erraza izan, eta taldekideentzat “desastre hutsa” izan dela esan du Unaik. Izan ere, atzerapenak izan dituzte bai diskoarekin baita bideoklipekin ere.

Azken boladan makina bat kontzertu ditu bandak: Gernikan, Bilboko Muelle aretoan, Berako Kataku aretoan, Bilboko Kafe Antzokian Willis Drummond bandarekin, ….. Eta hil honetan beste hiru kontzertu ditu programaturik: lehena, bihar, hilak 11, Mungiako Errota Gaztetxean, Norman Bates eta Akeer taldeekin; datorren astean, 17an, Orozko herrian, Orozkorock 2023ko aurkezpen jaialdian izango da EZEZEZ taldea, Jentilzulo kulturgunean; eta azkena, 25an, Castro herrian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button