ESZENA

“Esnatu naiz” kabareta, Igartubeiti baserriko dolarean

Donostiako Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza Deialdiko proiektu finalista, Elur Sorkuntza Etxeak proposaturiko Esnatu naiz kabareta, aste honetan oholtzaratuko da Igartubeiti baserriko dolarean. Hitzordua abenduaren 5ean, larunbatean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera izango da. Jarduera hau dohainik da, Mugen Gainetik, Gehitu eta Euskal Lankidetza elkarteei esker.

Lan horrek honakoa kontatu nahi digu: Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritar euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?

Lan honetan identitatea, generoa, auto-estimua, giza-harremanak eta sexualitatea gaiak nahasten dira antzerkia, dantza eta musikaren dosi handi batekin, eta era berean, galdera sakona proposatzen du: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Beste modu batean galdetuta: gure nahiek, beharrek, ametsek eta desioek zer leku dute gure egunerokoan?

Esnatu Naiz “gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu…eta gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jarri nahi ditu, LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko apustua eginez.”

Andoni Mutiloa da protagonista eta Amancay Gaztañagak aholkularitza eskaini du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button