Jauregizarren Azazkalak jaten liburuaren aurkezpenaren ostean, asteartean, hilak 23, mikrofonoak zabalik utziko dituzte nahi duenak bere poemak edo beste norbaitenak irakur ditzan. Asteazkenean, eszenatokia komun bihurtuko dute Epelde anaiek Poesia komuneko paperean saioarekin. Ostegunean, berriz, umeen eta gurasoen txanda izango da; txokolatearen inguruko saioa prestatu baitute: antzerkia, musika, idazketa eta dastatzea.
Asteburuan, literatura emanaldiez gainera, musika eta zinema ere izango dira. Ostiralean, gura+haize Busturialdeko literatura fantzinearen aurkezpena egingo da lehenengo; horren ostean, Bustilehorreko poemak (itsasoak eta jendea) emanaldia aurkeztuko dute Jose Luis Otamendik eta Juan Azpillagak, eta, bukatzeko, Txuma Murugarrenen kontzertua izango da.
Hurrengo egunean, Ana Cibeira poeta galiziarraren emanaldia izango da galegoz eta euskaraz. Bukatutakoan, Xabier Montoiak Slavoj Zizeken sudurra saioa eskainiko du, eta, horren ondoren, Mikelazuloko kideek batbada proiektua aurkeztuko dute. Eguna amaitzeko, kontzertua emango du Rafa Ruedak. Azkenik, igandean, zine-emanaldia egingo da; hain zuzen ere, Viskningar och rop (Gritos y susurros) filma ikusteko aukera izango da.
Dena dela, gaztetxean egingo diren literatura emanaldiak ez dira aste honetara mugatuko. Hemendik aurrera ere poema errezitaldiak antolatzeko asmoa dute hilabetean behin, apiriletik aurrera.
Gernikako gaztetxeak bidalita



