
Palestinaren inguruko zine zikloa ondu dute Bilbon, Emakumeok, erresistentzia eta errebeldia lelopean; zikloan lau film bildu dituzte, eta dagoeneko bi proiektatu dira. Filmak Marzana moilan proiektatzen dira, 21:30ean.
Hala, beste bi hitzordu gelditzen dira: bihar bertan, uztailak 17, Annemarie Jacir zinegile palestinarrak 2008an estreinatutako Milh Hadha Al-Bahr (Salt of This Sea) pantailaratuko da, eta 23an, Thierry Binisti frantziarrak zuzendutako eta 2011n estreinatutako Une bouteille à la mer.
Biharko filmaren harira, Soraya eta Emad palestinarren istorioa kontatzen da. Bi gazteek Palestinan egin dute topo, baina euren bizitza oso ezberdinak dira: Soraya New York hiriko Brooklyn auzoan jaio eta hazi zen, baina Palestinara itzultzea erabaki du, bere familiaren jatorrizko lurraldea; Emad, berriz, herrialdetik ihes egiteko irrikan dago. Sorata Ramallah hirira iritsiko da, eta bere aitona-amonen dirua berreskuratzen saiatuko da; Emad, ordea, lurralde okupatuetan jaio da, eta Kanadara sartzeko bisa eskuratu nahi du.
Hilaren 23an proiektatuko den Une bouteille à la mer pelikulak, bestalde, Jerusalem hirian bizi den Tal emakumezko gazte frantziar baten nondik norakoak jasotzen ditu. Tal-ek ekintza terrorista bat biziko du bertatik bertara, eta gertaera horren ondorioz, eskutitz bat idatziko dio alegiazko palestinar bati. Idazki horren bidez, Palestinaren eta Israelen arteko gorrotoa gaitzetsiko du. Gutuna botila batean sartu eta Gazako itsasora bota dezala eskatuko dio bere nebari.