MUSIKA

Discipulos de Dionisos, Lie Detectors, Inoren Ero Ni eta Zozo, Ttan Ttakun Irratiaren festan

Larunbatean, Donostiako Egia auzoan dagoen Gazteszena aretoan, Ttan Ttakun Irratiaren urteroko festa egingo da, 23:00etatik 6:00etara. Festan, punk-rcok, garage-rcok eta post-hardcore doinuak nagusituko dira.

Lie Detectors laukoteak 60ko hamarkadako garage-rock eta psikodelia tankerako erritmo primitiboetatik edaten du, bai eta pub-rock eta punk-rock estilo gihartsuetatik ere. Doinu itsaskorrak eta zuzeneko dantzagarriak egiten ditu, eta horren ondorioz, hainbat zale bildu ditu Estatuko rock’n’roll eszenan. Me gusta la calle (Hey! Hey! Hey! / Folc Records) aurkeztuko du talde donostiarrak.

Lie Detectorsekin batera, inguru musikal bertsuetan mugitzen diren Discipulos de Dionisos arituko dira. Taldeak porno kutsuko punk-rock lizuna jorratzen du. Ibilbide luzeko taldea da, eta makina bat disko atera ditu, 1994az geroztik.

Inoren Ero Nik, bestalde, duela gutxi plazaratu du lan berria, Innei. Euren hitzetan lan berria hala dator: “Entzun. Erantzunik ez duzu izango. IENNEI ez da erantzunen asmatzen hasteko abagunea. Bestelakoa du palindromoaren korapiloan asmatu musikak apeta. Halakoa diskoaren izenburua. Jarri ispiluaren aurrean taldearen izenari dagozkion siglak eta bueltakoan jasoko duzu emaitza”. Proiektu ezaguna da Inoren Ero Ni, eta taldekideak, halaber, ibilbide luzeko musikariak: BAP!, Anari, Lobo Eléctrico, Cápsula…

Azkenik, Zozo Donostialdeko rock taldea da, eta bertan Pelax, Blaka, 3gabe2 edota Desegin bandetan aritutako musikariek jotzen dute.

Kontzertuen ostean, disko-jartzaileak ere izango dira, festak 6:00ak aldera amaituko baita.

Informazio gehiago: ttanttakun.org.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button