IKUS-ENTZUN

Euskarazko zinemaren aldeko apustu berriak

Zinema Zabaltzen eta Bizkai Filma izeneko ekimenak dira gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok eta Maria Jesus Diez Barton Films enpresaren ordezkariak prentsaurrekoan aurkeztu dituztenak. Lehenak, berehala estreinatzekoa den Arthur eta munduen gerra filmaren euskarazko bertsioa ikusteko parada eskainiko du, martxoaren 31n; eta bigarrenak, euskarazko zinema eskaini nahi du lurralde osoko aretoetan, ikusle mota guztientzat, baina, batez ere, ume eta gazteentzako tituluen bidez.

Egitasmo hauek hiru xede bete nahi dituzte; alde batetik hizkuntzaren normalizazioaren aldeko apustu garbia egitea; modu berean, kultura sustatzea; eta hirugarrenez, Bizkaiko ikus-entzunezkoen arloa birbistaratzea, ikusgarri egitea” azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok.
Beraz, euskararen normalizaziorako osagai berriak garatuko dituzte ekimenok, eguneroko bizitzaren arlo guztietan eta, batez ere, zinemaren arloan.

Lehen urratsa, martxoaren 31n izango da Bilboko Capitol zineman, non Arthur eta munduen gerra filmaren euskarazko bertsioa ikusteko parada egongo den. Hau lehen emanaldia izango da, izan ere, estreinaldi komertziala maiatzaren 6an izango da.

Bizkai Filma izeneko programak beste asmoetako bat dakar: zinemaren euskarazko kontsumoa sustatzea, arrakasta izan duten filmen bitartez, baita hemengo produkzioaren egungo eskaintza hobetzea ere. Horretarako, programa honetan izena eman duten hainbat herritan euskarazko zinemaren kontsumoa sustatuko da martxotik azarora bitartean. Guztira 55 titulu eskainiko dira eta 150 proiekzio aurreikusita daude.

“Herrietako zinema aretoetara normaltasunez eta era naturalean joateko eta euskarazko filmak ikusteko aukera egongo da, emanaldi egonkorrak eta ez puntualak sustatuz, eta normalizazioaren aldeko bultzada eginez” adierazi du Maria Jesus Diez Barton Films enpresaren ordezkariak.

Gaur berton Abadiñon izango da lehen emanaldia eta bihar Sodupen. Ermua, Etxebarri, Urduliz, Arrieta, Orduna, Plentzia, Karrantza, Muskiz eta abarretik iragan ostean, Lekeition emango zaio amaiera zikloari azaroaren hondarretan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button