
II. Errepublikaren aldarrikapenaren 80. urteurrenaren ekitaldien barruan, hainbat hitzaldi antolatu dira Eibarren. Lehena gaurko egunez programatuta dago eta Kirmen Uribe euskal idazlearen eskutik etorriko da, 8×10. Zortzi idazle Errepublikako izeneko hitzaldiarekin.
Kirmen Uribek gaur emango duen 8 x 10. Zortzi idazle Errepublikako hitzaldian, Errepublika garaiko zortzi idazleren testuak irakurri eta komentatuko ditu, egile bakoitzaren bizitzako zertzeladak emanez. Idazleak euskaldunak eta erbestekoak izango dira: Lauaxeta, Lorca, Auden saiakera-idazle eta poeta ingeles handia eta abar.
La República en la persona muchos bienes proporciona izenburua duen hitzaldia Jose Antonio Fraguas Forgesek emango du, apirilaren 12an, eta etzi, apirilaren 13an Jesús Gutierrezen El sistema de bibliotecas y la educación en el Eibar de la II República izango da. Gutierrez eibartarrak, orokorrean, herriko hezkuntza izango du hizpide baina Eibarko Institutu Elementala ere aipatuko du, Errepublikako Gobernuak batxilergoaren sei urteak eskaintzeko Eibarri eman zion ikastetxea eta hainbat eibartarri etorkizunaren ateak zabaldu zizkion.
Hasieran udaletxean izan zuen egoitza eta bertan irakasle handiak izan ziren klaseak ematen; horietako bat aipatzearren, Odon Apraiz gasteiztar euskalaria, Paris eta Zurich-eko unibertsitateetan ikasi ondoren Salamancan Historia doktoretza atera eta Eibarko Institutuan 1936. urtera arte Geografia eta Historia irakasle izan zena.
Hitzaldiak Eibarko Portalean izango dira.