ESZENA

Errekaldeko XI. Umorezko Antzerki Erakustaldia

Bilboko Udalak Errekalde auzora eramango du umorezko antzerkia otsaileko ostegunetan Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren aurtengo edizioaren bitartez. Guztira lau pieza programatu dira erakustaldian, eta auzoko Udaltegian izango dira, 19:00etan.

Programaren XI. edizioa, etzi, otsailaren 2an, hasiko da, Los Torreznos konpainiaren eskutik. Konpainia oso ezaguna da estatu mailan, eta hitz, umore eta absurduan oinarritzen du bere lana. Bilbora Las Cosas lanarekin dator taldea. “Umorearekin eta paradoxarekin jolasten den pieza eszenikoa da, gauzen balioarekin jolasteko eta gauzak edukitzeko, gordetzeko, pentsatzeko aukeratik abiatuta.”

Datorren astean, hilak 9, Pez Limbo Gasteizko taldearen txanda izango da. Errekaldera estreinaldi batekin iritsiko da: Marea Baja, bere azken lana. Komedia horrek, “existitzeko beharraz hitz egiten du, kosmosaren eta lurraren artean, malenkoniaren eta kabaretaren artean, materia ilunaren eta karaokearen artean leku bat aurkitzeko beharraz.”

Hurrengo astean, hilak 16, Loida A. Gómez eszena-sortzailearen Cerebro Metaforico lana ikusteko aukera egongo da. Proposamen hau bere azken lana da, Errekaldera iritsiko da La Fundicion aretoan eta BBK Off Jaialdian izan ondoren, eta “garun metaforikoa eta terapiako pentsamenduak ditu ardatz herpes baten ondoren”.

Umorezko Antzerki Erakustaldiaren azken eguna otsailaren 23an izango da, eta Eneritz Artetxe (Dxusturi Teatroa) artista euskalduna izango da protagonista Lakoste piezarekin. Bakarrizketa hau “ironiaz beterik hasten da eta jendea pertsonaia surrealista bat jarraitzera gonbidatzen du, artisten bizimodua, arrarotasuna, familia estandarra, menopausiari buruzko hainbat konfidentzia eta gogoeta partekatzen dituena.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button