BERTSOTAN

“Erradikalak” proiektuaren azken festa

Larunbatean, 19:00etan hasita, eta Doka Antzokian, Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek Erradikalak (Lanku) proiektua agurtuko dute.

“Erradikalak ginen, gara eta izango gara. Bigarren aldiak inoiz onak izan ohi ez direla diotenei aurka egitera gatoz. Lehen aldi hartako pasioz, korseak askatuta, bertso eta bakarrizketa bidezko formatuari eutsi eta buruberokiak eduki berriz betetzeko gogoz. Neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta zeharkatzen gaituzten beste hainbat gaiz kantatu eta kontatu nahi dugu. Feminismoa zeharlerrotzat hartuta eta umorez. Umorez, beraz, serio”. Horrela aurkeztu dute aspalditik herriz herri haizatzen ibili diren ikusgarria, orain amaitzera doana.

Antzezlanean Beatriz Egizabalen monologoak eta Ane Labakaren bertsoak tartekatzen dira, eta horrela jorratu dituzte feminismoaren erronkarik garrantzitsuenak eta joera zein iritzi desberdinak, desadostasun handienak eragiten dituztenak barne. Amatasuna, dibertsitatea, indarkeria eta sexualitatea landu dituzte, besteak beste, betiere umorea baliatuta, eta ikusleengan eragin eta hausnarketa pizteko asmoz.

Proiektuaren bi gidoiak, bertsoaldiak, eta hortik sortu diren esperientzia guztiak Erradikalak liburuan (Susa) bildu dituzte Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek. Bertan, “neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz”. Bertsogintzatik eta clown mundutik osaturik izan diren emanaldi horietako gidoiak liburu horretan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button