
Vaiven Producciones taldearen Erlauntza antzezlan dibertigarria larunbatean izango da ikusgai Bergarako Seminarixoan, 19:00etatik aurrera.
Antzerki taldearen hitzetan, eszenaratuko den obra honetan datza: “Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai…Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira…”
Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Itziar Urretabizkaia, Getari Etxegarai eta Leire Ruiz izango dira erlauntza zoroa osatuko duten erle ipurterreak.