MUSIKA

Jon Spencer Blues Explosion-en haragia eta hezurrak Bilbon

 

Larunbatean, otsailak 9, AEBetako Jon Spencer Blues Explosion (JSBX) taldeak Meat + Bone izenburuko lan berria aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian. Aurreko lana, Damage, 2004an argitaratu zuten estatubatuarrek, eta harrezkeroztik taldea isilik egon da. Iaz baina, Meat + Bone lanarekin itzuli ziren. Diskoak hirukotearen ohiko proposamena zabaltzen du odoltsu, alegia, hiriko punk espiritua eta musika beltzaren esentzia bortxatua.

Hirukotea Jon Spencer gitarra jotzaile eta abeslariak zuzentzen du. JSBX sortu baino lehen, New Yorkeko hiriko musikariak Pussy Galore rock-and-roll talde zaratatsua eratu zuen. Banda horretako ezaugarriak mantentzen ditu JSBX hirukotean; hau da, blues eta soul estilo zaharren sustrai gaurkotuak eta punk amorruarekin bustiak.

Taldea 90eko hamarkadan iritsi zen bere ibilbidearen tontorrera. Hala, 50eko eta 60ko hamarkadako soinuak berreskuratzen zituzten beste talde batzuekin batera, hala nola, Make Up, Speedball Baby edo Delta 72, JSBX hirukoteak bere ibilbideko diskorik onenak argitaratu zituen: Extra Width (1993); Orange (1994), eta Now I Got Worry (1996). Garai hartan, oraindik ehunka musika zalek ondo gogoratzen duten kontzertua eskaini zuen taldeak Bilboko Kafe Antzokian (iaz, Bilboko BBK Live jaialdian ere izan zen).

Spencer-ek, Judah Bauer-ek (gitarra) eta Russell Simins-ek (bateria) hamarkada horretako maila berean dagoen Meat + Bone diskoa argitaratu zuten 2012an. Kantu batzuk aipatzearren: Bag of Bones, blues kutsuko harmonikarekin hasten da; Get Your Pants Off doinua funk erritmoak entzuten dira Orange disko txalotuan bezalaxe, eta Danger kantua Black Flagen Damage kantuari lapurturiko riffak irekitzen du.

Entzun! Musika aldizkarian jasotako disko horren iruzkinetik ondokoa nabarmendu dugu: “Black Keys baino lehenago, White Stripes egon ziren, eta horien aurretik JSBX. Hiruretatik deserosoenak dira Blues Explosion, beraz, gustagarrienak!!!”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button