MUSIKA

Enkore eta Travellin’ Brothers taldeen disko berriak

Bilboko Enkore eta Leioako Travellin’ Brothers bandek disko berriak aurkeztu dituzte gaur, otsailak 20. Lehenengoek Kanala izenburuko bigarren lana plazaratu dute, Oihuka markapean; bigarrenek, berriz, Magnolia Route, seigarren diskoa plazaratu dute Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen bitartez.

Enkore taldeko Xabik (ahotsa) azaldu duenez, bigarren diskoa plazaratzea “ametsa” da: “lehenengo diskoa ametsa izan zen, bai eta hau ere, eta gauzak ondo doazen seinale izan daiteke”.

Edukiaren harira, inoiz egin duten kantu onenak bildu dituztela nabarmendu du, eta sustraietara itzuli direla, hardcore eta rock doinuak nagusitzen baitira. “Soinua zuzenagoa da, baina zainduagoa”. Horrekin batera, heldutasun puntu bat ere islatzen dela azpimarratu du. Heldutasun hori prozesuan nabaritzen dela azaldu du Urtzi gitarra-jotzaileak: “Soinurik perfektuena lortzen saiatu gara; hala, kantuekin eta soinuarekin oso pozik gaude, instrumentu ezberdinak ere sartu ditugu, esperientzia berri ere izan da”. Horretarako, Jagoba Ormaetxea ekoizle-lana oinarrizkoa izan da.

Diskoa zuzenean jotzeko aitzakia dela azaldu dute, eta horren harira, diskoaren aurkezpenena otsailaren 28an izango dela iragarri dute, Bilboko Rock Star aretoan. Gainerako datak hauexek dira: martxoaren 28an, Lemoako Gaztetxean; apirilaren 4an, Gernikako Astran; apirilaren 5ean, Loiuko plazan; eta, amaitzeko, maiatzaren 9an, Gasteizko gaztetxean.

Hamar urteko blues-ibilbidea

Leioako Travellin’ Brothers blues bandak hamar urteko ibilbidea bete du aurten, eta horretarako, Magnolia Route izeneko lan berezia argitaratu du.

Seigarren grabazio horrek, blues oinarria duten askotariko hamar kantu biltzen ditu, bederatzi original eta bertsio bat. “Disko bakoitza abentura berri bat da, beraz, bide berriak bilatzen saiatzen gara, bluesaren mugak gainditzeko, beste estilo batzuen bitartez”, azaldu du Aitor Cañibano gitarra jotzaileak. Aitorrek aipatutako estilo horiek baina, bluesa abiatzen den enborretik sortu dira; alegia, AEBetako sustraidun musikaren esparru zabal eta koloretsutik: “Funk, soul, country, blues zinigiratsua, swing… askotariko diskoa da, eta bluesa gure erara egiten saiatzen gara, gu ez baikara afroamerikarrak, bilbotarrak baizik”.

Disko berria Andoaingo Garate estudioetan grabatu dute Kaki Arkarazo teknikariaren gidaritzapean, eta hainbat lagunek kolaboratu dute; tartean, 14 neska gazterekin osatutako Leioako La Kantoria korua. 
Lan berria Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute, martxoaren 7an: “30 lagunetik gora bilduko gara oholtzan, banda, kolaboratzaileak, korua… egun, kontzertu hori prestatzen dihardugu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button