
Antzerkia, dantza eta zirkoa izaten dira Hika Antzerki Taldearen ezaugarriak eta baliabideak bere lanak aurrera eraman ahal izateko.
Ilargiaren bi aldeak izeneko produkzioa da euren azken lana. Obra hau datorren igandean estreinatuko dute Durangoko San Agustin Kulturgunean.
Agurtzane Intxaurragak zuzendu du lana eta Arantxa Iturberen laguntzarekin ere idazti egin du. Miren Gaztañaga, Amaia Pascual eta Maider Yabar dira lan ikusgarrian parte hartzen duten aktoreak.
Ekitaldian antzerkia, dantza eta zirko teknikak tartekatzen dira eta hauek guztiek oso ikusgarri egiten dute obra berri hau.
Horrela laburbiltzen da gauzatuko dena: “Marra batzuek banatu egiten dute. Dena. Bitan. Hegoa eta Iparra; zuriak eta beltzak; azkarrak eta ergelak; handiak eta txikiak; zoriontsuak eta zorigabeak; aberatsak eta pobreak. Marra batzuk hesi dira. Marraren alde batean edo bestean. Marraz honuntza. Marraz haruntza. Ez pasa; ez sartu; ez zapaldu. Kontuz, marra! Marra batzuk ikusi litezke. Eta tolestu; eta borobildu, eta bihurritu, eta astindu. Marrak gainditu litezke, eta zapaldu, eta mugitu. Marren gainetik, marren azpitik, marretan barrena ibil gaitezke. Marra batzuk ikusezinak dira. Eta hala ere tolestu litezke; eta borobildu. Eta bihurritu eta astindu. Eta gainditu, zapaldu, mugitu. Eta marrak batu dezake. Eta ez banatu. Zer da marra, bi puntu elkartzen dituen lerroa besterik?”