
Unai Endemaño argazkilariak Riff izoztuak izenburuko argazki-erakusketa paratu du, Bilboko Hika Atenenoan. Erakusketan metal estiloko banden zuzeneko argazkiak bildu ditu. Erakusketa asteon inauguratu da, eta ikusgai izango da otsailaren 6ra arte.
Argazkilariak 40 irudi jarri ditu Hikan, eta hainbat kontzertu metal zaleetan eginikoak dira. Argazkiak askotarikoak dira, hainbat eszenatoki eta artista jasotzen baitira. Erakusketaren azken egunean, otsailaren 6an, erakusketa itxiko duen kontzertua izango da, Knives taldearen eskutik. Endemañok hainbat argitalpenetan argitaratzen ditu bere argazkiak, tartean, Metal Hammer eta Mondo Sonoro.
Noiz hasi zinen zuzenekoetan argazkiak egiten eta zergatik aukeratu zenituen metal estiloko bandak?
Urte nahikotxo daramat argazkiak egiten, baina ganoraz duela bi urte eta erdi hasi naiz lanean. Aurretik, banden argazkiak egiten nituen oroitzapenak gordetzeko, jende gehienak egin ohi duen lez. Webguneetan kolaboratzen hasi nintzenean ekin nion argazkilaritzari seriotasunez, nolabait derrigortuta, argazkilari baino lehen erredaktore izan bainintzen; baina kasualitatez-edo, argazkilari lana ondo egiten nuen.
Metal eta rock zalea naiz betidanik, bai eta gogor aritzen den beste edozein estiloren jarraitzaile ere. Hortaz hautu hori egin nuen nire gustuei jarraituz. Finean, gustatzen zaidana jasotzen dut argazkietan.
Kontzertuetako argazkiak baino ez dituzu egiten? Bestelako argazkirik egiten duzu?
Gehienetan zuzenean ari diren taldeen argazkiak egiten ditut, apurka-apurka promozio-argazkiak ere egiten hasi naizen arren. Esparru horretan, baina, taldearen konfiantza ezinbestekoa denez, zuzeneko argazkilariaren katalogoa promozio-argazkiena baino asko meheagoa da. Halere, abian ditut proiektu batzuk; beraz, laster, curriculuma loditu ahalko dut.
Zer jaso duzu inauguratu berri duzuen erakusketan? Egin duzun lehena al da?
Osorik egin dudan lehendabiziko erakusketa da, Lugon egin zen erakusketa batean zenbait argazki paratu bainituen. Hika Ateneoan jarritako erakusketan, askotariko argazkiak daude: aretoko irudiak, jaialdietako argazkiak… betiere, zuzenekoaren esentzia biltzeko asmoz. Ez dago entsegu lokaleko argazkirik, ezta eszenatoki atzean egindakorik ere; horretarako, izango dira beste egun batzuk.
Erakusketa horretako zein argazki nabarmenduko zenuke?
Bereziki gustatzen zaizkit formatu handian inprimatu ditudan hiru argazki; hortaz, argi dago zeintzuk diren nire argazki gustukoenak: The Wizards taldeko Inarena, Bilbao Hiria lehiaketan; Rob Flynn-ena, Machine Head-en azken biran egina, Iruñean eginda dago, eta ni izan nintzen argazkilari bakarra; eta, azkenik, Swans taldeko Thor Harris bateria-jotzaileari eginikoa, momentua fin geratu baita.
Bestalde, arrazoi pertsonalak tarteko, Michael Monroe-rena eta Dany Champ-ena aukeratuko nituzke, azken hori Corre egunkarian argitaratu nuen lehen argazkietakoa izan baitzen.
Zer ekipo erabiltzen duzu zuzeneko argazkiak egiteko?
Nikon D7000 kamera erabiltzen dut, hainbat objektiborekin, bai finoak, bai mugikorrak. Ia ez dut flashik erabiltzen kontzertuetan, eta ez nauzu inoiz ikusiko tripode bat edo antzekorik sartzen eszenatoki aurreko zuloan.
Zeintzuk dira zailtasun handienak kontzertuetako argazkiak egiterakoan?
Arazo nagusiena oso sinplea da: musikariek ez direla posatzen ari, ez daude geldirik, eta ez dute gauza handirik egiten zure lana errazteko. Batzuk, berriz, argazkilarien lanaz ohartzen dira, eta zure lana errazten saiatzen dira, baina horiek oso gutxi dira.
Kontzertuetako argiak beste oztopo handi bat dira, baina antzeko zerbait gertatzen zaie pilotariei egokitu zaien materialaz kexu direnean. Sarritan errepikatzen den aienea da, baina ez da aintzat hartu beharreko zerbait, behintzat ez zaio garrantzi gehiegirik eman behar.
Ezagutzen al duzu Euskal Herriko metal eszena? Zein banda nabarmenduko zenuke?
Euskal Herriko metal talde onenetariko batzuk erakusketan jaso ditut: iragan Bilbo Hiria lehiaketa irabazi zuen Wizards taldea, The Descent eta Highlights lehiaketa horretako finalera iritsi ziren, eta The Horn Of Rhino, egun gure lurraldean dugun talde onenetarikoa.
Erakusketa ixteko, Knives taldearen kontzertua iragarri duzu.
Knives gure eszena undergroundean dagoen super-talde baten antzeko zerbait da, taldekideei erreparatuz gero: oraintsu desegin den Darkness By Oath bandako musikariak, Descent-eko taldekideak eta Wizards-eko abeslaria, bere jatorrizko taldean aritzen dena baino askoz beligeranteago.
Laster, zerbait grabatuko dute, eta 2015 euren urtea izango dela aurreikus dezaket. Hikan egingo duten kontzertua denboraldiko lehena izango da, eta ahalik eta jende gehienak ikustea espero dut, doakoa baita. Ospakizuna izatea nahi dut, horregatik egin baitu debalde, beti diruari begira egon gabe.