MUSIKA

Jimmy Glitschy, disco-stoner erritmoak Gasteizen

Alemaniako eta Suediako musikariek osaturiko rock talde gogorra Jimmy Glitschy. Ostegunean, martxoak 28, Gasteizko Gora tabernan izango dira, 20:30ean.

Taldearen soinua rock gogorrean dago sustraitua. Queens Of The Stone Age-k zuzentzen duen stoner estiloaren ezaugarriak erakusten ditu laukoteak. Taldekideek baina, disco-stoner estiloa jotzen dutela esan ohi dute. Izan ere, ikus-entzuleak dantzan jartzeko gaitasuna dauka banda honek, sarean dauden zuzeneko bideotan ikus daitekeenez.

Sei kantudun Dance! or! die! EPa baino ez dute argitaratu orain arte, baina laster, hamar doinu biltzen dituen lan luzea plazaratuko dute Suediako eta Alemaniako musikari hauek.

Gasteizko Gora tabernak helarazi digun oharrak honela dio: “Taldearen proposamenak ez du parekorik. Batzuetan, hautsez beteriko melodia bero eta sikuak entzungo ditu entzuleak, Queens Of The Stone Age taldearen erara, baina bat-batean, sendo kraskatzen duen disco kutsuko baxu batek entzulea harrituta utziko du. Electric Six-en antzeko taldeek soinu hau entzun beharko lukete, gustuko izango bailukete”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button