ESZENA

Noaua!ren Kulturaldian bi ikusgarri asteburu honetan

Asteburu honetan, Usurbilen, Noaua!ren Kulturaldiaren proposamenak dituzue. Hala, 24an, Sutegiko Auditoriumean, Agurtzane Intxaurragak zuzendutako eta Kepa Erraztik itzulitako Toto pieza antzeztuko dute. Aktore lanetan Miren Gojenola eta Asier Hernandez arituko dira.
“Maik eta Joseluk Toto txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. Toto galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Eta Mai eta Joselu eztabaidatzen hasiko dira. Barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak, kanpotik ikusita, barregarriak eta komikoak suertatzen dira. Toto halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia”.

Eta hurrengo egunean, toki berean, Etxe bat poesia errezitaldi musikatua antolatu dute. Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak jarriko ditu hitzak eta Peru Galbetek musika, eta bion artean Etxe bat literatura eta musika uztartzen dituen emanaldia osatuko dute.
Yolanda Arrietak hala definitu du emanaldia: “Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La Poétique de l’espace entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut.
Eta hiru denborak estekatu ditugu bizigune hori idazteko. Bat, oroimen beroa, nondik gatozen gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, gure guraria ez ahazteko. Gelaka aritu gara, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea.”

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Etxebarria, 1963) euskal idazlea da. 2015ean Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen Argiaren alaba liburuarekin (Autoedizioa, 2014, Denonartean, 2015). Bere lanetako gaiei dagokionez, behin baino gehiagotan emakumeek ahozko literaturaren transmisioan izan duten garrantzia azpimarratu izan du.
Peru Galbete (Usurbil, 1987) abeslari, pianista, gitarrista, ukelele jotzaile eta konpositore gipuzkoarra da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button