EMAKUMEA

Emakumeak zientzian, gizarte osoaren onurarako

Hogeita lau euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiko dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo diren jardueren programa antolatzeko.

Gainera, aurten, erakundeek ahalegin berezia egin nahi dute daukagun talentu guztia esparru zientifiko-teknologikora erakartzeko, horrela lehenago iritsiko baitira gizarte gisa ditugun erronka handietarako irtenbideak. Ildo horretatik, “azpimarratu nahi dugu emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa dela pertsona guztientzat sarbide eta garapen profesional berdinzalea bultzatzeko”, adierazi dute Emakumeak Zientzian proiektuko antolakuntzatik. Horregatik, “deialdi berezi bat egin nahi dugu aurten, eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu, edozein dela ere generoa, nortasuna, lanbidea edo adina, ekintzetan parte hartzera”, gaineratu dute.

Batik bat otsailaren 8tik 17ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren jarduerak. 50 ekintza eta sorpresa baino gehiagoko programa zabala diseinatu dute. Hainbat zentro berri gehitu direnez proiektura, era askotako ikerketa-eremuak jorratuko dira, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko. Gainera, edizio honetan, Bizkaiko erakundeen parte-hartzeari esker, eremu geografikoa zabaldu da eta ekintzak Gipuzkoan eta Bizkaian egingo dira, hiriburuetan batez ere.

Motorrak berotzeko, aurten jai-giroan hasiko da Emakumeak Zientzian, otsailaren 8an Donostian. Bertan, ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten emakumezko zientzialari eta teknologo guztiak omenduko dira. Ekitaldi berean, eta berritasun gisa, Janus Lester artistak eta kausaren aliatuak osatutako Emakumeak Zientzian himnoa aurkeztuko da. Ekimenari erritmo alaia emango dion ereserkia, eta, era berean, aliatu berriei eskua emateko eta erantzukizunak partekatzeko balioko duena.

Egun horretatik aurrera makian bat kontu Gipuzkoan eta Bizkaian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.