MUSIKA

Tutan Come On bikotearen bigarren erasoa

Tutan Come On punk-metal bandak Emaidazu Mainstream izenburuko bigarren lana plazaratu du. Eta nontzeberritarrok adarrei ezin eutsi ari gara, Euskal Herrian dagoen bikote, gitarra eta bateria, interesgarrienetarikoa iruditzen zaigulako, beste bikote batzuen ospea lortu ez duten arren. Halere, ospea eta kalitatea sarritan ez omen doaz.

Maite dugu punk kutsu zikinarekin lohitutako Tutan Comen On parearen metala, eta bigarren lan honek aurrekoa gainditu duelakoan gaude. Maila horren erakusle diskoa irekitzen duen Hedapena da. Sarrera luze batekin hasten da kantua, eta bertan Lisabören ondarea eta Balck Sabbathen iluntasuna nahasten dira modu naturalean, hasiera batean, hain urrun dauden bi erreferentziak ausardiaz lotuz.

Beti heltzen da drama kantuan, berriz, ahots melodikoak txertatzen dituzte stoner kutsuko tsunamian, eta diskoari izenburua ematen dion kantuan autentikotasunaren inguruko kritika zorrotza txistukatzen dute, hard-rock erritmoez lagunduta.

Diskoaren promozio-orriaren arabera, “Oraingo honetan, astuntasuna, iluntasuna eta dentsitatea igotzen dira musikan, baina era berean ahots melodien kontrastea areagotzen da. 8 abesti berri hauetan, dualitatea nabaria da; energia eta melodia, erritmo itsaskorrak eta pisutsuak…”.

Trumbo, Vicepresidentes eta Neubat taldeetan aritutako Conde gitarra eta abeslari gasteiztarraren egitasmo berria da Tutan Come On, 2013an eratua. Berarekin batera Salterain (Bronze ohia) ari da baterian. Hala, bikote formatu horretatik abiatuta, riff pisutsuekin josita stoner punkzalea ontzen hasi ziren. Bikotearen doinuetan Helmet, Fu Man Chu, Kyuss, Kuraia edo Dut taldeen tankerako pizti pisutsuen itzala sumatzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button