IKUS-ENTZUN

Euskal Zine Bileraren aurtengo amua

Gaur aurkeztu dute Bilbon Lekeitioko Zine Bileraren 39. edizioa. Aurkezpenean, eta jaialdiak egingo dituen ekimen guztien berri emateko, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Imanol Otaegi  Donostia 2016ko enbaxaden arduraduna, Aritza Escandon Topaguneko kidea, Tessa Andonegi aktorea eta Joseba Zuberogoitia Bilerako kide eta programatzailea izan dira.

Aurten, datak aurreraturik dator euskara hutsean egiten den Lekeitioko Zine Bilera; urriaren 16tik 23ra bitartean egingo da kostaldeko herrian. Joseba Zuberogoitia Bilerako kideak adierazi duen bezala, 50 lanetik gora jaso dira eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko, profesional (11) eta amateurren (21) sailetan. Ia lan guztiak Euskal Herrikoak dira, eta baten bat kanpotik etorri da, nahiz eta filma euskara hutsean egon.

Betiko lez, Zine Bilerak bi helburu ditu: euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune bat izatea eta euskarazko lanak saritzea. Aipaturiko kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak; amateurrean berriz, 1.000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria, ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko ditu, eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Aurtengo epaimahaia honakoek osatuko dute: Iñaki Billelabeitia, Sara Cozar, Tessa Andonegi, Asier Bilbao eta Asier Hormaza.

Horretaz guztia gain, 38. Euskal Zine Bileran 3.000 euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera izango da.

Euskal Zine Bilerak I. Kartel Lehiaketa martxan ipini zuen, Bileraren helburuetariko bat baita sorkuntza eta partaidetza sustatzea. Guztira 16 lan aurkeztu ziren eta gaur berton, Alejo Morenok egindako kartela ere aurkeztu dute: ur azpian dagoen kako edo amu bat, eta bertan pelikula bateko fotograma bat. Kartelarekin “jendea zinemara eta euskal zinemara ekarri nahi dugu”, adierazi du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.

Programazio guztia (filmak, mintzaldiak, datak, ordutegiak, eta abar) Zine Bileraren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button