ESZENA

Eibarko Nazioarteko Antzerki Jardunaldiak

Otsailaren 15etik martxoaren 21era bitarte Eibarko Nazioarteko Antzerki Jardunaldiak egingo dira. Aurtengoa 36. edizioa da. Bertan askotariko lanak taularatuko dira: helduentzako dozena bat ikuskizun; haurrei eta familiakoei zuzendutako bi obra, eta antzerki eskolek antzeztuko dituzte bi lan. Horretaz gainera, estatua humanoen erakusketa eta Antzerkia zinean izeneko zine zikloa ere izango da.

Aurtengo egitarauak “une honetako antzerki-errealitatea islatu nahi du”. Horretarako, Euskadiko eta estatuko konpainien lana ikusi ahalko da Eibarren.

Euskarazko antzerkigintzak ere bere tokia izango du programa zabalaren baitan: Teatro Gorakada (Bizkaia) konpainiaren Munduari itzulia izeneko haurrentzako antzezlana; Tarantana Teatro (Bartzelona), Albena Produccions (Valentzia) eta Tanttaka Teatro (Gipuzkoa) konpainien elkarlanetik sortu den Gauerdian obra; eta, azkenik, Tartean Teatroa (Bizkaia) taldearen Lingua Nabajorum.

Euskal ordezkaritza Bizkaiko La Cocina konpainiaren gaztelaniazko Come y calla lanarekin osatuko da. Antzezlan hori iazko Max Sarietan izendatua izan zen ikuskizun berri onenaren atalean.

Antzerkigintza klasikoaz gozatzeko parada ere izango da. Esate baterako, La Chana Teatro konpainiak antzeztuko du Gaudeamus el Licenciado Vidriera, zeinak Miguel de Cervantesen testu bat duen oinarri, eta Teatro Corsariok taularatuko du Pedro Calderón de la Barca-ren El médico de su honra.

Bestelako antzezlanak ere izango dira, hala nola, Teatro a Cuestas-en Locas eta Yllana konpainiaren ¡Muu! 2.

Egitarau oparoa da Eibarkoa, beraz, xehetasun guztiak jaso nahi izanez gero, onena da programa eskuratzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button