
Rock and roll instrumentala jorratzen duen laukote katalana da Los Tiki Phantoms. Mozorrotuta jotzen du taldeak, baina ezaguna da maskara horien atzean Bartzelonako zenbait talde ospetsuetako musikariak daudela. Oraintsu, Aventuras En Celuloide (Discmedi) izenburuko lana argitaratu dute, haien bosgarren lana.
Bada, grabazio berri horretako kantuak aurkeztuko ditu laukoteak bihar, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean, 22:00etan, Ladrones de guitarras taldearekin batera, eta etzi, Bilboko Satelite T tabernan, 13:00etan, Rabba Rabba Hey izeneko emanaldien baitan.
El Caníbal, El Jíbaro, El Dorado eta El Bravo musikariek osatzen dute taldea, eta iragan otsailean grabatu zuten Aventuras en Celuloide. Diskoak telebistan eta zinean oinarritutako edo inspiratutako 15 doinu biltzen ditu. Abestiok ondoko estilo zaharretatik edaten dute: surf, garage-rock, rock’n’roll eta spaghetti western.
Laukoteak zuzeneko aproposa eskaintzen du hezurdura mugitzeko.