BESTELAKOAK

“Ene uste makalean” saioan, Juan Martin Elexpuru

Soraluzeko Gaztelupe tabernako goiko solairuan kultura ardatz duten hitzaldiak egiten ari dira Ene uste makalean izenburupean. Hortik pasatu dira Andoni Tolosa Morau, Koldo Izagirre, Fermin Etxegoien, eta abar. Gaur, azaroak  4, 19:00etan, Juan Martin Elexpururen txanda izango da.

Juan Martin Elexpuru bergararrak bere garaian apilatu zituen hainbat txiste edo gertakari Fernando Plaentxiarra titulupean, eta hortik abiatuta mahai ingurua egingo da kaleko pertsonaia gogora ekarriz eta tartean txiste batzuk ere kontatuz. Soraluzeko garai bateko eta gaurko umoreari buruz berba egiteko aitzakia.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak jakinarazi duenez, “Astearte arratsaldean izango dira saioak eta gonbidatu bat izango dugu haietan bere ikuspuntua edo esperientzia azaldu eta horren inguruan aritzeko. Hitzaldiak izango dira batzuetan, liburu edo diskoen aurkezpenak besteetan; eta izango dira literatura testuen irakurraldiak edota haien inguruko elkarrizketak…”.

Datozen hitzorduak honakoak dituzue: Josu Landak Miguel Hernandez kantuz izeneko errezitaldia egingo du, azaroaren 11an; azaroaren 18an, Jon Eskisabel kazetariak Badok.Info webgune musikal euskaldunaren aurkezpena egingo du; eta azaroaren  25ean, Iñigo Aranbarri gerturatuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button