
Felipe Lozak Machos en flor pieza idatzi eta Pabellón 6k ekoiztu du. Ostegun honetan, azaroaren 9an, estreinatuko da 19:30etik aurrera Arriaga Antzokian, eta emanaldi horren ostean, Pabellón 6 aretoan ikusi ahal izango da abenduaren 3ra arte.
Machos en flor antzezlanak hobeak izan nahi duten gizonengan jartzen du arreta. Obra honetako pertsonaiak “gizonen zirkulu batekoak dira. Estatu osoko hirietan banatuta, patriarkatuaren aginduetatik ihesi berdintasuna nahi duten gizonen elkarte egonkorrak dira zirkulu horiek. Gogoeta egiteko, beren burua kritikatzeko eta laguntza-talde bihurtzeko biltzen dira, nahi duten eraldaketa kultural feminista lortzearren. Ez dira nabarmentzen. Nahiago dute isiltasuna. Zaratarik gabeko aldaketa. Elkartu, hitz egin, barre eta negar egiten dute. Eta guk ere bai, haiekin.”
Barrearen bidez (tarteka), Machos en flor antzezlanak egungo gizarteari eta gizonen rolari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu ikusleak.
Antzezlan horretan Josu Angulo, Kepa Alesso, Quique Gago, Aitor Echarte, Diego Perez eta Yeray Vazquez dira antzezleak.