Iñaki Alforja eta Iban Toledoren 16060 Egun film labur dokumentala estreinatuko da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian (ZINEBI). Gaur, azaroaren 13an, 18:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan. Filma Bertoko begiradak – sailean programatuta dago, euskal errealitatea gai nagusitzat duten film labur eta dokumentalak ardatz hartuta.
1980an, Batallón Vasco Español taldeak Jose Miguel Etxeberria bahitu eta desagerrarazi zuen. Bere anaia Enekok 15 urte zituen eta 44 urte daramatza bere anaiaren gorpuaren bila. “Polizia-mertzenario batek gorpua harizti batean dagoela esan du, Mont-de-Marsan (Frantzia) herritik gertu. Egia ote? Dokumental honek galderak egiten ditu: Zenbat denbora emango zenuke senide baten hilotza bilatzen? Itxaropena galtzen denean?”
Bilbon aurkeztu ostean, azaroaren 15ean, Iruñean izango da ikusgai (17:30ean, Golem Baionan), Zinema, mundua eta giza eskubideen XIX. edizioaren barruan.
Zuzendariek Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 69. edizioan estreinatu eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 63. jaialdian (ZINEBI) aurkeztu zen Historia de un volante lanean jorratu zituzten gertakari horiek. Film labur honetan, Eneko anaiak Mont de Marsanen egindako bilaketak iraun zuen lau egunetan lurpetik ateratzeko bigarren saiakeraren atmosferan eta pentsamenduetan murgilduko gaituzte.
Iñakik eta Ibanek azaltzen duten bezala, “zure familiar desagertuari zer gertatu zitzaion jakiteko beharra eta gorputza izateko beharra sentitzen da. Egia eta justiziaren beharra giza eskubideak urratu zaizkien pertsona guztiek dutela uste dugu”.