
Datorren abenduaren 14an, Musikene Sinfoniettak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko orkestra taldeak, Eduardo Chillida, bere jaiotzaren lehen mendeurrenean omentzeko, Unai Urrechok zuzendutako kontzertua eskainiko du Musikenen. “Kontzertu hau ez da Chillidari egindako omenaldia bakarrik, gure lurraren talentuaren eta ahalmen artistikoaren ospakizuna baizik”, esan dute antolatzaileek.
Larunbatean eskainiko den kontzertuak eskultura artearen eta musika garaikidearen arteko lotura nabarmenduko da, musika eta eskultura elkarrizketa artistiko batean batuz.
Kontzertu horretan Musikeneko irakasle diren Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka euskal konpositoreen lanak eta Jon Esnaola Musikeneko ikaslearen Gravitaciones lanaren erabateko estreinaldia izango dira.
Kontzertuan, J. S. Bachen piezak entzungo dira, Eduardo Chillidak gehien miresten zituen musikagileetako bat. Eta horrekin batera Ramon Lazkano konpositorearen Egan-4 obra eta Gabriel Erkorekaren Tenebrae lana entzungo dira.
Ekimen hori Musikene eta Chillida Lekuren arteko hitzarmenaren baitan dago. Hitzarmen horrekin, bi erakundeen arteko elkarlanen programazio egonkor baten bidez, Eduardo Chillidaren inguruko sorkuntza artistikoa sustatu nahi dute.