
Datorren asteko ostiralean, uztailak 1, Euskadiko jazz denboraldia hasiko da Getxoko 35. Nazioarteko Jazzaldiaren eskutik. Hilaren 5era arte musikari eta talde handiak jardungo dira Getxon. Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa atalaren emanaldiak eta jam sessions saioak gehitu behar zaizkie. Orotara, 20 saio egongo dira aurtengo jazzaldian.
Jaialdiaren lehendabiziko egunean Aki Takase (1948, Osaka) pianista japoniarra eta bere taldea, New Blues Project, ariko dira. 70eko hamarkadako amaieran hasi zen bere jarduera eta 1981ean Europako eszenan agertu zen Berlingo Jazzaldi ospetsuan Takeo Moriyamarekin eta Nobuyoshi Inorekin osatu zuen hirukote ospetsuaren burua zela.
Biharamunean, uztailak 2, Lee Ritenour (1952, Hollywood) ariko da, egungo jazz-fusion eszenaren gitarra-jotzaile ospetsuenetako bat, hain zuzen ere.
Uztailaren 3an, berriz, Dave Hollanden (1946, Wolverhampton) boskotearen txanda izango da. Musikagile eta kontrabaxu-jotzaile ingelesa abangoardiako jazzean nabarmendu da eta hainbat musikari ezagunekin jardun da, Stan Getz, Chick Corea, Anthony Braxton, John Abercrombie eta Jack DeJohnette, besteak beste.
Uztailaren 4an, musika latinoa izango da protagonista, Chucho Valdés (1941, Quivicán) The Afro Cuban Messengers taldearekin etorriko da-eta.
Azkenik, uztailaren 5ean, asteartea, Branford Marsalisek (1960, Breaux Bridge) amaiera emango dio aurtengo jaialdiari. Saxo-jotzaile iparamerikarrak, Wynton Marsalis musikari ospetsuaren anaiak, 80ko hamarkadan hasi zuen jarduera profesionala eta Art Blakeyren Jazz Messengers taldean bere burua ezagutzera eman zuen.