IKUS-ENTZUN

Zinegintza askea eta ausarta, Tabakaleran

Tabakalerak Claire Simonen zinegintza ezagutzeko parada eskaini du apirilaren 7tik ekainaren 24ra arte. Zuzendari frantziarra zinegintza aske eta ausartaren ikonoa da.

Claire Simon (Londres, 1955) Britainia Handian jaio zen, baina Varren (Frantzia) eman zuen haurtzaroa. Etnologia, arabiera eta bereber hizkuntza, eta muntaia ikasi zituen Alger-eko Zinematekan. Bere lehen film laburrak autodidakta moduan egin zituen 70eko hamarkadaren amaieran. Récréations (1998) filmak ekarri zion nazioarteko aitortza. Film horretan argi erakusten du Simonek bere zinegintzaren beste ezaugarri nagusienetakoa: behaketaren eta entzutearen garrantzia. Géographie humaine (2013) eta Gare du nord (2013) lanek osatzen duten diptikoa. 2016an Venezia Classici dokumental onenari saria irabazi zuen Veneziako zine-festibalean Le Concours pelikularekin. Film horrek bikaintasunarekin eta artearekin dugun harremanaren erretratua egiten du, eta zinegintzak bere oinordekoak nola aukeratzen dituen erakusten du.

Hiru hilabetez luzatuko den zikloan, proiekzio-saioez gain, hitzari eta gogoetari eskainitako bi une egongo dira. Maiatzaren 28an, Claire Simon bera etorriko da Tabakalerara, eta Récréations ikusi ostean masterclass bat eskainiko du. Lehenago, maiatzaren 21ean, Katixa Agirre idazleak Mimi (2003) aurkeztuko du. Film honetan Mimi Chiola da protagonista, zuzendariaren laguna. Atzera-begirakoa ekainaren 25ean amaituko da Claire Simonek aukeratu duen pelikula baten proiekzioarekin. Johan van der Keuken zuzendariaren Amsterdam Global Village da zuzendari frantziarrak hautatu duen filma.

Proiekzioen egutegia jakiteko: Tabakalera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button