Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak urtero irailean egiten den Poesia Orduak ekimena antolatu dute beste behin. Aurten bi saioa antolatu dira, eta Victoria Eugenia Cluben egingo dira 19:00etan hasita.
Atzoko hitzorduan, Presbiziak lagundu omen digu errezitaldia egin zuen Edu Zelaietak. Sortzailea Mugaldekoak taldearekin batera aritu zen. Bere azken lanean oinarriturik, gogoari zein inguru-garaiari ere erreparatuta aritu zen ordubete inguruko emanaldian. “Umoreari nahiz konplizitateari uko egin gabe, eta (maiz ikusten zailena den) hurbilekoa ongi ikusteko betaurrekoak jantzita.”
Gaur, hilaren 3an, Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko izeneko saioa egingo du Gotzon Barandiaranek. Idazlearen hirugarren poema liburua da oinarria. Galbahean jarri ditu Gotzon Barandiaranek bere hitzak, oroimenak, usteak, eta maitasuna. Eta hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du bere hirugarren poema liburuan. “Maitasunaz ari da, bere belaunaldiaz, elkarbizitzarako baldintzez, baina baita hildako deserosoez, isilean errepikatutakoez eta harrapatutako kultura baten nekeez ere. Memoria ardatzeko gaia izanik, amaren heriotzak ere zeharkatzen du liburua. Hark berretsi dio poetari, hain justu, galbahearen beharra.”
Poemak musikatu nahi izan ditu eta oholtzan idazlea bera eta hainbat musikari ezagun bilduko dira: Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garcia.