
Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia gaur hasi eta apirilaren 11ra arte luzatuko da. Aurten, 25 herrialdetako 48 film programatu dira (25 film luze eta 23 labur).
Gaur, hilak 4, inaugurazio ekitaldia egingo da Victoria Eugenia Antzokian Asier Urbietak zuzendutako Faisaien Irla (La Isla de los Faisanes, 2025) euskal ekoizpenarekin. Azken egunean, apirilaren 11n, film luze eta laburren sariak banatuko diren gala batean India Donaldsonek zuzendutako Good One (2023) film estatubatuarra ikusi ahalko da zinemaldia ixteko. Egun horretan ere, Helena Taberna zinemagile nafarrak sari berezia jasoko du.
Egun guztietako proiekzioak, batez ere, Victoria Eugenia Antzokian izango dira, baina emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, tartean Zinema eta Biktimologiako II. Zikloan sartzen diren bi filmak. Tabakaleran ere hiru film proiektatuko dira, Zinema eta Memoria zikloa osatzen dutenak.
Ohiko saioez gain, hiriko ikastetxeentzako ikasleentzat, goizetan, 9 emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (2024), Basatiak (2024) eta Mariposas negras (2024).
Artea ere presente egongo da, eta horretarako hiru erakusketa antolatu dira zinemaldiaren programazioan. Gainera, bi mahai-inguru antolatu dira zinemaldian. Alde batetik, Gaza bajo los escombros. Crónica de un horror, Amnistia Internazionalak, Mugarik Gabeko Medikuek eta Centre Delàs d’Estudis per la Pauek antolatua, eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak Narratibak ehunduz topaketa aurkeztuko du espazio berean, migrazioei eta pertsona migratuei buruz hausnartzeko.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak datu guztiak ditu.