ARTEA

Donostiako Aquariumeko “Submarionnettes” erakusketa ikusteko azken egunak

Donostiako Aquarium aretoak bere ateak zabalik izan ditu uda osoan, eta epe horretan Alvaro Ledesma artistaren Submarionnettes erakusketa izan da ikusgai. Azken egunak dituzue honakoak erakusketa zoragarriaz gozatzeko, izan ere, irailaren 13an amaituko da.

Oier Guillan idazleak izkiriaturiko testu honetan jakingo duzue zer den Submarionnettes erakusketa: “Itsasoan murgiltzea heriotzari aurre egitea da. Itsasoan murgiltzea gauden lekutik hur beste mundu batzuk daudela onartzea da, ikusi gabe begiratu ohi ditugun munduak. Bainuontzi batean murgiltzea, edo eguneroko denboran, norberaren edo beste norbaiten gorputzean, itsasoa irudimena dela onartzea da.
Gutxitan gertatzen da artista batek bere obraren barruan beste obra bat existitu daitekeela deskubritzea, berria oraindik, eta harrigarria. Alvaro Ledesmak mundu propio bat sortu zuen Marionnettes proiektuan, piezaz pieza mugagabe agertzen bazitzaigun ere definitua eta dagoeneko zedarritua zirudiena. Baina artista bere obra propioan murgildu da, eta itsaso bat deskubritu du itsasoaren barnean. Submarionnettes lan berriak urrats bat gehiago dirudi aurretik sortutako dramaturgia horretan, baina era berean aurkikuntza guztiz berria da. Soilik artistak ezagutzen du bere tailerraren sakonean amesteak dakarren sekretua, sormena deituriko utopia horren mugetatik haratago joateak eskatzen duen lan erraldoi eta zintzoa, irudi baten erraietan edo bere eskuetatik haratago existitzea lortzen duen ametsezko utopiaren nolakotasuna.
Izaki berriak jaiotzen dira ezerezera kondenatu ditugun objektuetatik, ustez bizirik gabe datzatenean, guk geuk bazterturik. Submarionnettes hauek bizitza berrasmatu daitekeela gogorarazten digute, norbera dela hondakinak ezerezera kondenatzen dituena. Soken gainetik flotatzen duten formak, kolore propioa duen likidoan bizi diren izakiak, ñabardurez beteriko eskulturak kristalaren bestaldetik guri beha, gogorarazten digutenak, agian, posible dela oraindik ezinezkoa”.

Alvaro Ledesma (Donostia, 1975) diziplina anitzeko artista da, eta eskultura, bideoa, pintura, eszenografia, literatura, instalazioa, argazkigintza eta zinea landu ditu. Bere lanaren ikuspegi plastikotik abiatuta musikari gisa ere proiektu ugarietan parte hartu du (antzezlanak, dantza, poesia errezitaldiak, bideo-arte kontzertuak…)

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button