MUSIKA

Sally Brown, Akatz eta Siroko, Gernikako “Rudelari Eguna” jaialdian

Larunbatean, maiatzak 23, reggae, ska, rocksteady eta antzeko estilo berak ardatz dituen Rudelari Eguna jaialdia egingo da, Gernikako Astra eraikinean. Oholtzan hiru talde izango dira: Sally Brown (Madril), Akatz (Bilbo) eta Siroko (Gasteiz). Kontzertuez gain, solasaldiak, bazkaria eta DJk ere izango dira.

Sally Brown Madrilen eratu zen 2004an, 80ko urteetako 2 Tone diskoetxe britainiarreko ska revial erritmoak haizatzeko asmoz: Madness, Specials, The Slecter…  Iaz, madrildarrek lau kantuko EPa argitaratu zuen, taldearen hamargarren urteurrenaren harira. EP horrek 80ko urteetako Euskal Herriko eta Estatuko punk taldeen bertsioak biltzen ditu, tartean, Codigo Neurotico, RIP eta Eskorbuto.

Akatz reggae eta ska banda aski ezaguna da gurean: 1992an hasi ziren jotzen, eta harrezkeroztik makina bat disko eta 250 kontzertu baino gehiago egin dituzte. Laster, Vuelta y vuelta izenburuko diskoa plazaratuko dute.

Amaitzeko, Siroko talde gasteiztarrean Potato talde mitikotik pasatutako musikariak bildu dira. CD bat argitaratu dute, eta ska jotzen dute, The Skatalites klasikoen erara, baina bestelako musikei bizkarra eman gabe: reggae edo jazz, besteak beste. “Gure zuzenekoa ska eta reggae festa bat izatea nahi dugu. Dibertigarria, dantzagarria eta ukitu aldarrikatzailearekin”.

Informazio gehiago: astragernika.net.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button