
2020an LAIDA Ikerketa Taldeko partaideek Euskal Literatura eta Futbola liburua aurkeztu zuten. Hiru urte beranduago, Egungo Euskal Literatura eta Futbola II izeneko lana argitaratu dute.
Lehenengo liburuaren moduan hiru ataletan dator bananduta: Ikerketa, Irakurketa eta Sorkuntza. Hala, liburu honetan, futbolari buruzko ipuingintza, saiakera, haur eta gazte literatura eta komikia hartu dira hizpide. Eta hala, euskal literaturaren ipuingintza Jon Kortazar irakasleak aztertu du Ikerketaren atalean, eta lanean Koldo Izagirre eta Katixa Agirreren ipuinak aztertu dira, eta Harkaitz Cano eta Aritz Gorrotxategiren lanak ere aipatzen dira.
Beste aldetik, David Garcia Camesek Iribar atezainaren mitologizazio prozesua aztertu du saiakera bitan. Haur eta gazte literaturan futbolak duen presentzia aipatu dute gaian adituak diren Karla Fernandez de Gamboak eta Xabier Etxanizek. Eta genero kritikaren bideak erabiliz maskulinitate berriak aztertu ditu Jose Antonio Morlesin Melladok.
Irakurketa atalean, gai berri bi aurkeztu ditu liburuak. Irakurketaren sustapenean aditua den Miren Billelabeitiak futbol jokalariek zer, zergatik eta nola irakurtzen duten aztertu du. Eta antzeko bidetik Mari Mar Boillosek bere lanean Athletic Club taldeak bultzatzen duen Letrak eta Futbola ekimenaren azterketa sakona aurkeztu du.
Sorkuntza atalean ipuin bi argitaratu dira: Almudena Grandes idazle handiaren futbolari buruzko ipuin bat itzuli da euskarara, eta Harkaitz Canok ipuin bihurtu du bere Twist nobelako pasarte bat, futbolagatik duen zaletasunaren testigu.
LAIDA Taldeak kultura eta literatura eta bien arteko eraginak ikertzen ditu. Lanak eta ikerketak Literaturaren Soziologiatik Kultura Ikerketetaraino doaz.