
Jacco Gardner musikari holandar gazteak asteon argitaratu du bere bigarren lana Hypnophobia. Disko horretako kantuak Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean aurkeztuko ditu gaur, 20:00etatik aurrera.
Jaccok sentsibilitate handiko doinu koloretsuak grabatu ditu, non akorde minorrak eta harmonia eztiak sokekin ukitzen diren, bai eta melotroi, klabikordio eta akordeoiarekin ere. Hala, konponketa barrokoekin jantziriko atmosfera iradokitzaileak lortzen ditu. Psikodelia goxoa.
Hala, 2013an argitaratu zuen Cabinet of Curiosities bere estreinako lana, bai eta kritika espezializatuaren laudorioak jaso ere. Arrakasta horren ondorioz, makina bat zale erdietsi ditu musikari holandarrak. Zale horiek, gainera, irrikan dauden lan berria entzuteko. Musika adituek Syd Barret musikari ingelesarekin alderatu dute Gardner.
Holandarrarekin batera, Wand banda estatubatuarrak joko du. Wandek In The Red diskoetxe prestigiotsuarekin grabatzen du, eta oraintsu Golem izenburuko lan berria plazaratu dute. Zaleen aburuz, estatubatuarren kontzertuak Melvins eta David Bowieren arteko uztarketa basatia da. Undergroundean hautsak harrotzen ari den taldea da, horren erakusle Ty Segall musikariak taldeari bota dizkion laudorioak.



