BESTELAKOAK

Berdinsareak "Adierazi Beldur Barik!" lehiaketa jarri du abian

Azaroaren 25ean ospatzen den emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Berdinsareak, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Udal Sareak, Adierazi Beldur Barik! lehiaketa jarri du abian. Ekimenean izena emateko epea zabalik dago jada, urriaren 29ra arte. Lehiaketak helburu bi ditu. Alde batetik, zuzenean edo zeharka indarkeria matxista ukatzen duten adierazpen artistiko mota guztiak baloratu eta sustatzea, eta, bestetik, emakumeenganako indarkeria prebenitzea, indarkeria sexista antzemateko balio izango dieten tresnak eskainiz eta erasoen aurrean zeregin aktiboa hartzera animatuz.

Lehiaketa adierazpen artistiko mota guztietara dago zabalik: pintura, musika, zinema, poesia, eskultura, dantza, animazioa, argazkigintza, performancea, ilustrazioa, bideoa, diseinua, instalazioak, arte digitala eta abar. Parte-hartzaileen artean, hiru sari banatuko dira, bakoitza 1.000 eurokoa.

Adierazi Beldur Barik! lehiaketaren lehenengo edizio honetan parte hartzeko proposamenak modu indibidual zein kolektiboan aurkeztu daitezke -azken kasu honetan, gutxienez neska bat egon beharko da-, eta parte-hartzaile edo talde bakoitzak lan bakarra eman ahal izango du. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean egon behar da erroldatuta. Piezak edozein hizkuntzatan egon daitezke, baina euskarazko edo gaztelaniazko itzulpena ere erantsi beharko da.

Lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonek CD edo DVD batean eman beharko dute beren proposamenaren kopia bat, eta, horrekin batera, web orrian dagoen inskripzio orria behar bezala beteta eman beharko dute, urriaren 29a baino lehen. Hori guztia gutun-azal itxi baten barruan sartu behar da. Gutun-azalean, Beldur Barik! Lehiaketa jarri behar da, eta parte-hartzailearen udalerriko Udaleko Berdintasun Sailean zein Eudelen bulegoetan eman behar da, edo, bestela, postaz bidali Eudelen bulegoetara (Zabalgune plaza 5, 48009 Bilbao).

Berdinsareak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button