MUSIKA

Gaixotasun arraroren kontrako rock jaialdia Bilbon

Gaixotasun arraroak borrokatzen dituen Walk On Project (WOP) elkarteak musika jaialdi interesgarria atondu du eritasun horien ikerkuntza medikuaren alde. Hala, irailaren 28an eta 29an bederatzi rock talde izango dira Bilboko La Casillako agertokian, tartean, The Hives (Suedia), The Dream Syndicate (AEB) eta Doctor Deseo (Euskal Herria).

Ostiralean, irailak 28, lau taldek joko dute: El Inquilino Comunista (Euskal Herria, 19:00etan); Doctor Deseo (Euskal Herria, 20:00etan); Los Enemigos (Espainia, 22:00etan) eta The Hives (Suedia, 22:00etan).

Irailaren 29an, berriz, bost talde izango dira oholtzan: WOP Band (Zenbait musikarik jaialdirako propio osaturiko taldea, 19:00etan); The Right Ons (Espainia, 20:15etan); The Dream Syndicate (AEB, 21:30ean); The Jayhawks (AEB, 23:00etan) eta Soul Asylum (AEB, 00:30ean).

Aipagarria da Dream Syndicate taldearen kontzertua. Rock Amerikar Berria estiloaren baitan sortu zen taldea 80ko hamarkadaren hasieran, 1981etik 1989ra iraun zuen, hain zuzen ere. Taldea eratu eta urtebetera argitaratu zuen estreinako EP homonimoa,  baita lehendabiziko iraupen luzeko lana ere: The Days of Wine and Roses. Hortaz, 30 urte igaro dira egundoko laudorioak jaso dituen grabazio hori kaleratu zenetik. Diskoan The Velvet underground, Television edo Neil Youngen eraginak jasotzen dira bederatzi doinuz osaturiko maisulana josteko, tartean, Tell Me When It’s Over, When You Smile edo diskoari izenburua eta amaiera ematen dion kantu burrunbatsua.

Hain zuzen ere, urteurren horren harira egingo ditu Dream Syndicatek zenbait kontzertu estatuan. Steve Wynn gitarra jotzaile eta abeslariak zuzentzen duen taldeak duela 21 urte eman zuen bere azken kontzertua eta ordutik bakarkako ibilbide luzea egin du. Ametsen Sindikatuan arituriko Dennis Duck bateria jotzailea eta Jason Victor gitarra jotzailea izango dira Bilbon Wynnekin batera.

Bestalde, WOP egitasmoa Mikel Renteria musikariak eta Mentxu Mendietak abiatu zuten euren seme ertainari Adrenoleucodistrofia gaixotasuna diagnostikatu ziotenean. Proiektuaren helburuetako bat da jendartea sentsibilizatzea da ohikoak ez diren gaixotasunen inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button