ESZENA

Dantzaldiaren barruan “Euskal Pilota, genero ikuspuntutik”

Gaur, Dantzaldiaren barruan Euskal Pilota, genero ikuspuntutik monografiakoaz gozatzeko parada izango da Azkuna Zentroan,  20:00etatik aurrera. Hiru saio ezberdinek osatuko dute proposamen eszenikoa.

EHUn Antropologia Soziala irakasten duen Olatz Gonzalez Abrisketak Gorputz desplazatuak izeneko hitzaldia egingo du. Aditu honek, 2005ean, Pelota Vasca: un ritual, una estética publikatu zuen eta liburua 2012an ingelesez argitaratu zuen Nevadako Center for Basque Studies-ek. 2013an AIBR erakundeak Iberoamerikar Antropologia alorreko artikulu onenari emandako lehen saria lortu zuen Cuerpos desplazados: género, deporte, y protagonismo cultural en la plaza vasca izeneko artikuluarekin.

Sra. Polaroiska kolektiboaren Pilota Girls  izeneko bideo emanaldia ere programatu da. Pilota Girls piezan auzitan jartzen dira estereotipoak. “Pilotako neska hauek mundu global bat marraztuko digute, sistemaren kontrako performancea banku-erakundez eta erakusleiho handiz jositako testuinguru kaletar batean kokatuz”.

Azkenik, Lasala dantza konpainiak Lauesku lana eskainiko du. “Zergatik men egin naturaltasun osoz eta otzantasunez ezartzen dizkiguten arau, ohitura, erregela eta inposizioei? Zergatik ontzat eman aurretik erabakitako konponbideak eta erantzunak?
Pilota partida baten bidez hainbat egoera azalduko dira, jokoaren arauak auzitan jarriz eta aurretiaz ezarritakoari lehentasuna ebatsiz. Judith Argomanizen zuzendaritzapean Jaiotz Osa, Carla Diego eta Garai Etxaburu aritzen dira dantzan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button