ESZENA

“Dantza Zirkuituaren” proposamenak, Lasarte-Orian eta Arrasaten

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen duen Dantzaren XVI. Zirkuituaren barruan programaturiko hainbat koreografia izango dira egunotan ikusgai. Hala, Kresala konpainiak Ikonografiak aurkeztuko du Lasarte-Orian, eta Arrasaten, Lasalaren Fight eta Osa+Mujikaren Expectations will not kill you lanen txanda izango da.

Kresala konpainiaren Ikonografiak lanak ikuskera berri bat proposatzen du, “lengoaiaren poetikara gerturatzen dena, niaren gizabanakoaren kodean guaren kolektiboarekin konektatzen duen izaki bizidun gisa”. Talde horrenak ere badira Hostoak (1996), Soka (1998), Bestaberri (2000), Marixe (2002), Sehaska (2006), Buba eta Bubu (2011), Oteizaren kaxa beltza (2014), Zeruko (2017), edota Haize hegoa (2018).

Fight obran Lasala taldea gizakiak borrokarekin duen harremana primitiboaz aritzen da. Antzina-antzinatik, borroka izan da gure artean. Lasalak, bizitzaren eta bereziki dantzaren funtsezko elementutzat hartzen du borroka.

Expectations will not kill you lanaren sorburua honakoa da: “helburu batzuk lortzen ez ditugunean sentitzen dugun tristezia sentimendutik abiatuta sortuko dugu. Hainbeste desiratutako festa hori, hainbeste atsegin duzun pertsona aurkituko duzun festa hori… zenbat arratsalde pasa ditugu gure burua txukuntzen, zoriontsu, gaueko festan gertatuko dena imajinatuz? eta nor ez da etxera zeharo triste bueltatu imajinatutako ezer bete ez ostean?”
Osa+Mujika, Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren arteko topaketa artistikoa da. Bi mundu sortzaileren arteko elkartzea da: alde batetik dantza, eta jantzigintza/eszenografia bestetik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.