
Asteon bi obra taularatuko dira Bergaran eta Eibarren, ostiralean eta larunbatean hurrenez hurren, XIII. Dantza Zirkuituaren baitan. Hala, Bergaran, Dikothomia taldeak Spazi…O lana taularatuko du Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Eibarren, halaber, Elirale taldeak Xihiko koreografia aurkeztuko du Coliseo Antzokian, 20:00etan.
Bergaran taularatuko den Spazi…O zirku-hizkuntzaren bidez antzeztutako lana da, “non istorio bat kontatzen den zirkua, antzerkia eta dantza uztartuz eta artistek beraiek bizi dituzten emozio-egoeretara eramaten duen ikuslea”. Gizon eta emakume baten arteko harremanak jorratzen ditu: “lagun bi, bikote bat, ume hauek, zahar horiek, aita-alabak…”.
Bestalde, Iparraldeko Eliralek Eibarren aurkeztuko duen Xihiko obraren harira, “dantza, zuzeneko musika eta itzal-jolasak erabiliz, beldurra eta ezezagunaren inguruan arituko dira”. Pieza koreografiko eta musikala bost interpreterentzat egina da; Arantxa Lannes, Jose Cazaubon, Oihan Indart, Arkaitz Miner eta Jokin Irungaray dira parte-hartzaileak. Arkaitz Miner biolin jolea eta Jokin Irungaray perkusio joleak hiru dantzari interpreteak lagunduko dituzte, azken horiek haien ahotsaz kantatu eta instrumentuak joko dituztelarik. Pantxika Telleria koreografiaz arduratu da.