IKUS-ENTZUN

Nosferatuk “Screwball comedy” generoari buruzko zikloa abiatuko du gaur Donostian

Gaur hasiko da Tabakaleran, eta 2017ko ekainaren 14a arte luzatuko da, Nosferatu ziklo berria, zeinak AEBetako Screwball comedy genero umoretsu eta klasikoa jorratuko duen; hain zuzen, Ernst Lubitsch maisuak 1932an estreinatutako Trouble in Paradise filma izango da programazioaren lehen emanaldia, 20:00etatik aurrera ikusi ahalko dena. Emanaldia jatorrizko bertsioan izango da, gaztelaniazko azpitituluekin.

Donostia Kulturaren arabera,  filmak hauxe kontatzen du: “Gaston Monescuk pentsatzen du aurkitu duela bere arima bikia, Veneziako hotel batean Lily, harrapakin on bat lortzeko kondesa baten identitate faltsua hartu duen karterista, ezagutzen duenean. Bi gaizkileek indarrak batuko dituzte eta plan bat prestatuko dute izen handiko lurrindegi baten jabea den Colet andre aberatsari Parisen lapurreta egiteko”.

Howard Hawks, Frank Capra, George Cukor edo Ernst Lubitsch dira, besteak beste, genero horretako ordezkari handienak, izan ere, Screwball tankerako film klasiko sorta zuzendu zuten, tartean, Bringing Up Baby (1938), It Happened One Night (1934), The Philadelphia Story (1940) edo Arsenic and Old Lace (1844).

Aktoreen harira, garaiko Hollywoodeko izar nagusiek parte hartu zuten komedia zoro horietan: Cary Grant, James Stewart, Katharine Hepburn, Spencer Tracy, Melvyn Douglas, Greta Garbo eta Clark Gable, besteak beste.

Donostia Kulturaren arabera, “Hollywood-eko komedia klasikoaren urrezko aroa (da). Komedia ludikoa zen, zoro samarra, batez ere inkonformista, ia beti menderaezina, apur bat slapsticka eta erabat asmaezina; “portaera onaren” arauak hankaz gora jartzeko eta istorio askoren atzean dagoen oligarkia ekonomiko aberatsaren balio tradizional eta patriarkalak urratzeko joera zuena, esate baterako”.

Informazio gehiago: donostiakultura.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button